François Villon
François Villon | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | François de Montcorbier |
Jaiotza | Paris, 1431 |
Herrialdea | Frantziako Erresuma |
Lehen hizkuntza | frantses ertaina |
Heriotza | Frantzia, 1463 (31/32 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Parisko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | frantses ertaina frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, kanta-idazlea eta idazlea |
Lantokia(k) | Paris |
Lan nabarmenak | ikusi
|
François Villon, jaiotze izena François de Montcorbier edo François des Loges (Paris, 1431 – 1463 inguruan) frantses idazlea izan zen. Frantziako lehen poeta modernotzat hartu izan da.
Guillaume de Villon irakasleari hartu zion abizena. Bizitza abenturazalea eta gorabehera handikoa izan zuen, ondo ezagutzen zituen gaizkileen ingurunea, nola Sorbonako giroa edo apaizena. 1455ean apaiz bat hil zuen emakume batek eragindako borrokan eta Paristik ihes egin behar izan zuen. Kondena barkaturik, sei hilabete geroago Parisa itzuli zen, baina berriro alde egin zuen, lagunekin batera egindako lapurreta bat zela eta. Handik harat bere bizitza gisako gertakarietan nahasia izan zuen. 1462an urkatzera kondenatu zuten baina barkatu zioten. 1463tik aurrera ez da haren aztarnarik aurkitu.
Villonen obra hiru milaren bat ahapaldik osatua da. Bi lan nagusi ditu: Lais edo Petit Testament (1456, «Testamentu Txikia») eta Grand Testament (1462, «Testamentu Handia»), zortzikoetan idatziak biak; inportantea da halaber L'Epitaphe Villon, Ballade des pendus deitua (1463, «Urkatuen balada»), hamarrekoetan idatzia. Haren obran lirismoa eta arrunkeria, Amabirjinarekiko eraspena eta amodioa, fede sakona eta ezmoraltasun gordina nahasten dira; ahaltsuei oldartzen zaie, miseria-lagunekiko samurtasuna adierazten du eta, aldian aldian, malenkoniatsu eta isekari, gozo eta mendekari ere agertzen da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poeta gutxiri buruz esan daiteke, Villoni buruz esan daitekeen bezala, biografia kontuan hartu gabe ez dela haren obra ulertzen; eta Villonen biografiako datu gehientsuenak -eta ez dira asko- haren obrari esker ezagutzen ditugu. Obran zein bizitzan etengabe errepikatzen dira gai jakin batzuk: delituak, heriotza, Paris, erbestea. Dudarik gabe, bitxia da idazle honen irudia, bere obra tradizio askoren eta bere bizipenen emaitza duena.
Familia pobrean jaio zen, 1431 inguruan, eta Paris izan zuela sorlekua dio Testamentu-ko bertso batean:
- François dut izena, eta horixe dut damu
- Parisen jaioa, Pontoisetik gertu
- Eta sei kana sokaren puntatik
- Jakingo du lepoak zein dudan ipurdia astun
Arteetako batxilerra egin zen 1449an, eta gai horretako lizentziaduna eta maisua urte batzuk geroago. Dirudienez, Francois de Montcorbier honek Guillaume Villon izan zuen babesle, Saint-Benoît-le-Bétournéko kapilaua. Gizon hark lagundu zion ikasketetan eta bultzatu zuen Elizan sartzera. Poetak, esker onez, Testamentua-ren hasieran dioenez, haren abizena hartu zuen, aita baino gehiago ere izan baitzen berarentzat.
Ezer gutxi dakigu François Villon ikasleari buruz; titulu akademikoek ez zioten balio izan eliza-onurarik lortzeko, eta pobrea izan zen beti, berak sarritan gogoratzen duen bezala, batzuetan umore onez, minduta besteetan. Bestalde, Villonen bizimodua ez zen batere ereduzkoa izan: bere garaiko elizgizon asko bezala, tabernetan ibiltzen zen beti, emakumeez inguratuta bizi zen eta sarritan sortzen zituen istiluak eta liskarrak. Hori pentsarazten du 1456. urtean eman zioten barkamenezko gutun batean: errietaldi batean -Philippe Sermoise izeneko beste elizgizon bat hil zen-, labankada bat eman zioten ezpainean, eta betiko geratu zitzaion haren seinalea. Horrelaxe hasi zen -lehenago hasi ez bazen- poetaren gaizkile-bizimodua.
Parisa iritsi berria zenean -justiziatik ihesi joana zen-, lapurreta ausart batean parte hartu zuen: 1456ko abenduaren 24an, beste lagun batzuekin, Nafarroako Ikastetxean sartu, eta mila eta bostehun urrezko ezkutuz jabetu ziren. Gogotik saiatu arren, ez zituzten egileak aurkitu, baina hilabete batzuk geroago, 1457ko maiatzean, gaizkileetako batek -Guy Tabariek-, mozkor zegoela, taldekideen izenak eman zituen. Villonek ohorezko lekua omen zeukan taldean; Parisetik atera berria zen, eta aitorpenaren berri jakinda, ez zen hiriburura itzuli; gertaera horren bertsio poetikoa Villonek berak eman zuen bere Testamentu Txikia-n: Angers aldera irten zen maitemindua dagoelako. Poema idazten ari zela, gauez, kordea galdu omen zuen eta ez zen gertatuaz oroitzen...
Berriz ere Parisetik kanpo, Karlos Orleansekoaren gortera abiatu zen, poetak babesten baitzituzten han, eta baita Siziliako errege Renato Anjoukoari agur egitera, hura ere mezenasa eta poeta baitzen. Dirudienez ez zuen arrakasta handirik izan, denbora gutxiren buruan Meungeko kartzelan baitzen, Orléanseko apezpikuaren «laguntzari esker»; Thibaut d'Aussigny zen apezpiku hura, eta Testamentu Handia-ren hasieran gogor mintzatzen da Villon hari buruz. Espetxeratze honen zergatia ez da batere argia, baina baliteke arrazoi bat baino gehiago izatea: horietako bat poetaren bizimodu ibiltaria zen, komiko talde batean, eta ogibide hori gogor esetsi zuen elizak Erdi Aroan.
Beste arrazoi bat, garrantzitsuena agian, poetak gaizkile-talde batekin zituen arazoak izan daitezke: Nafarroako Ikastetxeko lapurreta adiskide batzuen laguntzari esker egin ahal izan zen. Haien izenak ageri dira geroxeagoko auzietan, banda armatuetako kide izateaz salaturik, eta laster urkatu zituzten. Arrasko Itunaz geroztik (1435eko urria) ugaritu ziren Frantzian gaizkile-talde hauek, eta bizimodua ateratzeko beste modurik ez zuten soldadu lizentziadunek osatzen zituzten; harrapaketan aritzen ziren, lapurretan, iruzurrean, jokoan, amarruan, eta argota erabiltzen zuten. Villon Coquillards bandakoa zen; banda horrek hiru mila kide baino gehiago izan omen zituen, eta batzuk hiltzera kondenatu zituzten Dijonen 1455eko abenduaren 18an. Epaiketan, argoteko ehun esapide inguru argitu ziren; horri esker uler daitezke nahiko ongi Villonek 1455-1461 bitartean argot-hizkeraz idatzi zituen baladak. Espetxera kondenatua izateaz gainera, elizgizon zelako zituen pribilejioak galdu zituen Villonek. Espetxeko bizimodua ikaragarri gogorra behar zuen izan. Poetak oso gertu ikusi zuen heriotza, zeren, 1461ean libre geratu orduko -Luis XI.a Frantziakoa erregearen graziaz-, Testamentu Handia idazten hasi baitzen. Ordurako urkatuak ziren bere adiskide batzuk.
Parisa itzuli, eta berriz espetxeratu zuten, baina ez luzaroan, Nafarroako Ikastetxeari harrapakinaren bere partea itzultzeko agindua egin baitzuen. Ez zen hilabete pasa kondena horrez geroztik, eta berriz ere justiziaren eskuetan zegoen Villon, zauritu asko izan zen liskar batean sartu zelako eta bere gaizkile-historia luzeagatik, urkatuta hiltzera kondenatu zuten. Poetak barkamena eskatu zuelarik, epaia aldatu zioten: urkabearen ordez, hamar urtez Parisetik erbesteraturik bizi behar zuen.
Ez dago beste daturik Villoni buruz. Zenbaiten ustez, Ingalaterrako gortera alde egin zuen; beste batzuek uste dute monasterio batera erretiratu zela, eta erlijioan bizi izan zela hil zen arte. Nolanahi dela ere, batere aipamenik ez baitago, ezta beste obrarik ere, seguruenera 1463an erbesteratu eta handik gutxira hilko zen.
Villonen lanak hil eta zenbait urte geroago argitaratu ziren; laster osatu zen elezahar bat haren inguruan -François Rabelaisek, besteren artean, izan zuen zerikusirik horretan-, Villon poeta madarikatu, eroa eta trebea bihurtu zuena, erromantikoen etsenplu eta errebeldeen eredu.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Testamentuak poema narratibo luzeak dira; biak lotzen dira poetaren bizitzaren uneekin, poetak halaxe nahi izan balu bezala. Testamentu Txikia, Nafarroako Ikastetxeko lapurretaren gau berean idatzi zuen, eta azaleko gaia maitasuna badu ere -maitasun lortezina-, azpiko gaia, benetakoa, diruaren kutxa da -lortezina hura ere-. Bi mailatan ulertu behar da beraz: literarioa (poeta-jauntxoak bere ondasunak banatzen ditu) eta benetakoa (Villonek iseka egiten dio ez daukanari). Bukaeran, poetak bere egiazko egoera onartzen du, miseria, gosea eta hotza.
Testamentu Handia-n pertsonaiak eta emaitzak errepikatzen dira, eta antzera dago eraikia. Horrez gainera ordea, haren obraren antologia moduko bat da, kontakizunaren harian bestelako piezak txertatzen baititu -aspaldiko usadioa zen hori, eta Danteren edota Hitako artziprestearen obran aurkitzen dugu-. Baladak eta ahapaldi narratiboak aldizkatuz, emaitzen eta ondareen banaketa hasten da; zer utzi ez dakienean, balada bat eransten du. Etsaien eta lagundu ez diotenen satira gupidagabea da; hala ere, harritzekoa da nolako tonu-aldea dagoen sarrera (bizitza eta heriotzari buruzko hausnarketa), eta gainerakoaren artean, ironiak, burlak eta parodiak nagusitzen baitira.
Izan ere, Villon bi aurpegiko poeta da: etengabe nahasten ditu iseka eta kritika, erretorika eta bat-batekotasuna; ez da harritzekoa beraz haren obrak bi alderdi izatea. Poesia gehienak frantsesez idatziak daude, baina, horrez gainera, bada lan-multzo txiki bat argot hizkeraz idatzia. Normala zen Villonek, elizgizon zenez gero, frantsesa edo latina hautatzea; alabaina, kultura-hizkuntza nagusia baztertu ez ezik, gaizkileek eta bizimodu txarreko jendeak erabiltzen zuten argotera jotzen du. Hizkuntza guztiz artifiziala da, hitz asmatu asko dituena, konnotaziozkoak, oso egoera jakinei dagozkienak. Argotez idatzitako baladak sei dira, eta, adituen aburuz, multzo homogeneoa osatzen dute, «Heriotza, Zori eta Amodiozko Jokoak, edo Coquilleren Arriskuak» dei zitekeena. Orobat adituek diotenez, balada bakoitza gaizkile talde jakin bati dagokio: sarraila hausleak, hiltzaileak, amarrutsuak, faltsifikatzaileak, iruzurgileak eta diru zuritzaileak. Sei balada hauen zailtasuna ulertzeko kontuan hartu behar da hiztegia oso iluna dela, besteak beste Coquilleko auzira arte ez zelako dokumentatu; hizkuntza mintzatutik eratorriko hitz elkartuak izan ohi dira, badira genero-aldaketak, kalko morfologikoak, gurutzaketa, desbideratze semantikoak etab. Baina, horrez gainera, hiru irakurketa maila bereiz daitezke: aurrenekoa lapurreta, tortura eta urkabeari dagokio; bigarrena, joko, iruzur, amarruei; azkena maitasunezko iruzurrari -dudarik gabe, maitasun homosexuala, eta horixe bide da obraren esanahi ezkutua-. Hiru maila horien arteko jokoa sei baladetan barrena luzatzen da, eta adierazle eta adierazi arteko harreman konplexu bat sortzen dute, elkarren gainean oinarritzen baitira eta gehienetan ezin itzulizkoak diren hitz-jokoetan.
Villonen lanen zerrenda egitekotan, roman galdu bat gogoratu behar da, poetak berak aipatzen duena: Romant du Pet-audiable deritza, eta Parisko Unibertsitatean 1453. urte inguruan izan ziren istiluak kontatzen ditu; dirudienez, urte horiexetan idatzia da. Forma heroiko-komikoa zuen, elementu alegorikoekin, eta usadiozko eskemak erabiltzen bide zituen (zortziko parekatuak).
Villon bere garaiko literatura tradizioaren barruan bizi zen, nahiz eta baduen halako itxura moderno bat. Bi Testamentuak genero jakin baten baitakoak dira: esatea da genero hori, eta sarritan aurkitzen da XV. mendeko literatura erromanikoetan. Genero honetako lanek ez zuten musika-laguntzarik izaten, eta ez ziren kantatzen; normalean, bi edo hiru errimako zortzikoez daude osatuak, garai bereko Gaztelako kantutegiak bezalaxe.
Edukiari dagokionez, Erdi Aroko tradizioari dagozkio Villonen bi obra nagusiak; tradizio horren erakusgarri bikainak daude XIII. mendeko trobadoreen artean. Obra horietan baladak tartekatzea ere ez zen gauza berria, aldiz, ohiko gauza zen Villonen garaian. Orobat garai hartakoak gaiak dira, baliabideak, ahapaldi motak, etab.
Alabaina, karikaturen indarra, pasadizo, gertaera jakin baten gainean oinarriturik; irudiak eta metaforak, guztiz ahaltsuak; eguneroko bizitzatik hartutako irudiak -atsoak sutondoan, emakumea ispiluaren aurrean, hilotza urkabetik zintzilik-. Umorea, parodia eta antifrasi etengabeen gainean eraikia, horrek guztiak argi erakusten du Villonek literatura tradizioa menderatu eta gainditu zuela erretorika klasikoa eta bere bizipenak bateratuz.
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ballade des dames du temps jadis.
- Matías Múgica (François Villonen Testamentua euskarara ekarri zuen itzultzailea).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: François Villon |
- Euskarari ekarriak: François Villon Ekarriak.armiarma.eus
- (Frantsesez) François Villon: Œuvres complètes de François Villon Gutenberg.org